Gaueko bederatziak dira, arratsalde euritsu honen ondorioz, blai eginda iritsi naiz etxera. Goizeko zortziretan Zumarragako tren geltokian trena hartu eta ordubetean Donostiako geltokira iritsi naiz. "Café con Leche" izeneko tabernan, izen bereko edaria duen edaria hartu ondoren, kontxa hondartza parean dagoen Londres hotelean autobusa hartu eta Antiguo auzoko Benta Berriko plazaraino eraman nau. Bertako plazan dagoen igogailua hartu, igogailutik atera eta oinezkoentzako pasarela zeharkatu ondoren, Antiguo-Landetxe haurreskolako beheko solairuko sarrerara iritsi naiz, goizeko bederatzi t´erdiak dira.
Haurreskolan sartu, aldagelan sartu, arropa aldatu eta mantala jarri ondoren, 0-1 urte bitarteko haurren nire gelan sartu naiz. Bertan nire lankidea eta gure taldeko 8 haur zoragarriak zeuden, gazteenak 9 hilabete eta zaharrenak 15 hilabete ditu. Goiza oso ondo joan da, beste egun batean blog honetan haurreskolako egun bateko martxa azalduko dut.
Nire jardunaldia arratsaldeko lautan amaitu dut, arratsaldeko bostetan klaustroa genuenez, beste lau lankidekin auzoko gozotegi batera joan gara. Indarrak hartzeko kafesne bero bat eta txokolatezko napolitana goxo bat meriendatu ondoren, haurreskolara bueltatu eta bostetan puntual-puntual bilera hasi dugu.
Haurreskolan 17 lankide gara, 16 hezitzaile eta jardunaldi osoz liberatuta dagoen hezitzaile batek koordinazio lanak egiteaz arduratzen da. Gaurko bileran 15 hezitzaile eta koodinatzailea elkartu gara. Haurreskolan 0-1 urte bitarteko haurren 4 gela daude, 1-2 urte bitarteko 3 gela eta 0-2 urte bitarteko taldekatze gela bat, guztira 8 gela, bakoitzean 2 hezitzaile daudelarik. Haurreskolako lan taldea garbitasunez eta bazkariaz arduratzen diren beste bi langileekin osatzen da.
Gaurko bileran ez gara gehiegi liatu, 18:30etarako amaitu dugu, hala ere ez naiz sentsazio oso onarekin geratu. Gaiak aipatu ditugu, baina ez dugu gauza handirik erabaki,hainbeste jendeen artean adostasunetara iristea oso zaila izaten da. Jorratu dugun azkeneko gaia formakuntzakoa izan da, Ede Fundazioarekin ikastaro bat on-line garatzen ari gara, eskolako Hezkuntz Proiektua egiten ari gara. Gai hau Teknologi Berriekin erlazio zuzena duenez, biharko nire blogeko sarrera ikastaro hau zertan datzan azaltzen saiatuko naiz.
Bilera amaitu eta eskolatik ateratzean, Donostian izugarrizko zaparrada ari zuen. Autobusa hartu, Donostiako tren getokira gerturatu eta Zumarragara zetorren trena hartu dut. Treneko bidaian koadernoa hartu eta blogean idatzi behar nuena idazten aritu naiz, bihartik aurrera netbook-a eramango dut eta horrela zuzenean nire buruko ideiak zuzenean ordenagailuan isladatuko ditut. Zumarragara iritsi, errekaren zubia pasa eta egun luze bat eta gero nire herri kuttunera iritsi naiz, Urretxura. Afaldu eta ordenagailu aurrean nire koadernoan idatzitakoa blogera pasa dut. Dagoeneko hamarrak pasata dira, egun luzea gaurkoa, banoa ohera!
No hay comentarios:
Publicar un comentario