lunes, 23 de abril de 2012

GAURKO EGUNA

            Gaueko bederatziak dira, arratsalde euritsu honen ondorioz, blai eginda iritsi naiz etxera. Goizeko zortziretan Zumarragako tren geltokian trena hartu eta ordubetean Donostiako geltokira iritsi naiz. "Café con Leche" izeneko tabernan, izen bereko edaria duen edaria hartu ondoren, kontxa hondartza parean dagoen Londres hotelean autobusa hartu eta Antiguo auzoko Benta Berriko plazaraino eraman nau. Bertako plazan dagoen igogailua hartu, igogailutik atera eta oinezkoentzako pasarela zeharkatu ondoren, Antiguo-Landetxe haurreskolako beheko solairuko sarrerara iritsi naiz, goizeko bederatzi t´erdiak dira.
            
          Haurreskolan sartu, aldagelan sartu, arropa aldatu eta mantala jarri ondoren, 0-1 urte bitarteko haurren nire gelan sartu naiz. Bertan nire lankidea eta gure taldeko 8 haur zoragarriak zeuden, gazteenak 9 hilabete eta zaharrenak 15 hilabete ditu. Goiza oso ondo joan da, beste egun batean blog honetan haurreskolako egun bateko martxa azalduko dut.
Nire jardunaldia arratsaldeko lautan amaitu dut, arratsaldeko bostetan klaustroa genuenez, beste lau lankidekin auzoko gozotegi batera joan gara. Indarrak hartzeko kafesne bero bat eta txokolatezko napolitana goxo bat meriendatu ondoren, haurreskolara bueltatu eta bostetan puntual-puntual bilera hasi dugu.

           Haurreskolan 17 lankide gara, 16 hezitzaile eta jardunaldi osoz liberatuta dagoen hezitzaile batek koordinazio lanak egiteaz arduratzen da. Gaurko bileran 15 hezitzaile eta koodinatzailea elkartu gara. Haurreskolan 0-1 urte bitarteko haurren 4 gela daude, 1-2 urte bitarteko 3 gela eta 0-2 urte bitarteko taldekatze gela bat, guztira 8 gela, bakoitzean 2 hezitzaile daudelarik. Haurreskolako lan taldea garbitasunez eta bazkariaz arduratzen diren beste bi langileekin osatzen da.

           Gaurko bileran ez gara gehiegi liatu, 18:30etarako amaitu dugu, hala ere ez naiz sentsazio oso onarekin geratu. Gaiak aipatu ditugu, baina ez dugu gauza handirik erabaki,hainbeste jendeen artean adostasunetara iristea oso zaila izaten da. Jorratu dugun azkeneko gaia formakuntzakoa izan da, Ede Fundazioarekin ikastaro bat on-line garatzen ari gara, eskolako Hezkuntz Proiektua egiten ari gara. Gai hau Teknologi Berriekin erlazio zuzena duenez, biharko nire blogeko sarrera ikastaro hau zertan datzan azaltzen saiatuko naiz.

          Bilera amaitu eta eskolatik ateratzean, Donostian izugarrizko zaparrada ari zuen. Autobusa hartu, Donostiako tren getokira gerturatu eta Zumarragara zetorren trena hartu dut. Treneko bidaian koadernoa hartu eta blogean idatzi behar nuena idazten aritu naiz, bihartik aurrera netbook-a eramango dut eta horrela zuzenean nire buruko ideiak zuzenean ordenagailuan isladatuko ditut. Zumarragara iritsi, errekaren zubia pasa eta egun luze bat eta gero nire herri kuttunera iritsi naiz, Urretxura. Afaldu eta ordenagailu aurrean nire koadernoan idatzitakoa blogera pasa dut. Dagoeneko hamarrak pasata dira, egun luzea gaurkoa, banoa ohera! 
          

domingo, 22 de abril de 2012

NIRE HAURRESKOLAREN AURKEZPENA

Hiru ikasturte daramatzat Donostiako Landetxe Haurreskolan lan egiten, Urtarrilean beste haurreskola batekin bateratu ginen eta gaur egun, Donostiako Antiguo-Landetxe Haurreskola osatzen dugu. Hona hemen gure haurreskolako aukezpentxoa:
Sarrerako Kartela
Donostiako Antiguo-Landetxe Haurreskolaren ibilbidea laburra da, 2012ko urtarrilaren 9an hasi zuen bere ibilbidea. Baina ibilbide luzea duten beste bi haurreskolek osatzen dute:
  1. Antiguako Haurreskola: Hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea eta munizipala izan da Haurreskolak Partzuergoan sartu arte, 2010eko irailean.
  2. Landetxe Haurreskola: 1975eko irailaren 15ean hasi zuen bere ibilbidea eta hezitzaile eta gurasoen ekimenari esker lortu izan du aurrera ateratzea, 2004ean Haurreskolak Partzuergoaren barnean sartu zen arte.

Bi haurreskola hauek “etxetxo” txikietan zeuden kokatuta, lehenengoa Antiguako auzoan eta bigarrena Aieteko auzoan. Udaletxeak bi haurreskola hauen funtzionaltasun urriagatik, kokagune berri bat gauzatzea erabaki zuen: Montpellier, gazteentzako lojamendua eskaintzen duen eraikin berri bateko beheko solairuan.
2012ko urtarrileko lehenengo astean, Gabonetako oporretan, haurreskola bakoitzeko bi hezitzaileek materialaren trasladoa egin behar izan zuten. Urtarrilaren 9an denak batera hasteko, hezitzaileak eta haurrak. Egoera honek lan gogorra suposatu du hezitzaile taldearentzat, helburuak zehaztea, haurreskolaren antolamendua bateratzea ( ordutegiak, egutegia,…), haurren egokitzapena espazio berrietara, gelen prestaketa,…
Blog honetan saiatuko naiz gure haurreskolako txoko desberdinak deskribatzen eta bertan izaten ditugun ekintzetaz berri ematen. Hasteko haurreskolako kanpokaldeko argazkitxo batzu erakutsiko dizkizuet:
Haurreskolako Beheko Solairuko Sarrera
( 0-1 urteko haurren sarrera)
 
 Haurreskolako Sarrera Nagusia
( Goiko Solairua, 1-2 urteko haurren sarrera)

Haurreskolako Goiko Solairuko Terraza
( Sarrera nagusiko ezkerreko aldean kokatuta )
Haurreskolako Goko Solairuko Beste Terraza
( Sarrera nagusiko eskubiko aldean kokatuta )


sábado, 21 de abril de 2012

AURKEZPENA


Kaixo eta ongi etorri guztioi nire blogera.

Nerea Alustiza nauzue HH-ko ikaslea,gaur egun Donostiako Antiguo Landetxe Haurreskolako hezitzaile bezala ari naiz lanean. Haur Hezkuntzako Goi Mailako Heziketa Zikloa amaitu eta berehala hasi nintzen lanean, dagoeneko bost ikasturte daramatzat Haurreskolak Partzuergoan 0-3 urte bitarteko haurrekin. Lanean ari naizen bitartean, Gasteizko Irakasle eskolan Haur Hezkuntzako ikasketak egiteko matrikulatu nintzen, lana eta ikasketak bateratzea askotan zaila izan arren, poliki poliki diplomatura ateratzen ari naiz eta pertsonalki gauza berriak ikastea oso aberasgarria da.

Teknologi berrien ikasgaiari dagokionez, nahiz eta lanean on-line ikastaro desberdinetan aritzen garen, oraindik ere irakaskuntzan lan egiten dugunok teknologi berriei buruz asko ikasteko dugu. Ikasgai honi esker espero, poliki poliki aplikazioa desberdinak ikasi ahal izatea eta gero eskolan martxan jartzeko aukera izatea. Donostiako Haurreskola batean hezitzaile bezala nagoenez, ideia polita iruditu zait ditudan burutazioak, ikasturte hauetan izandako esperientziak, egindako ikastaroak eta jardunaldiak, azken finean haurreskoletan izandako istorioak blogan idaztea. Ideia interesgarria iruditu arren, ez dakit buruan dudana blogean isladatzea lortuko dudan, baina saiatuko naiz. Momentuz, orain arte inoiz egin ez dudan zerbait egitea lortu dut, bloga sortzea. Hemendik aurrera, poliki poliki blogari forma ematen saiatuko naiz eta ditudan istorioak bertan idatziko ditut.